Seleccionar página

Gipuzkoa lurralde industriala da, lehiakorra. Berrikuntzaren eta pertsonen talentuaren alde egiten duen lurralde bat. Gaur egungo eta etorkizuneko eraldatzeei anbizioz ekiten dien lurralde bat.

Gipuzkoar gizartearen ongizatea, gaur egungoa eta etorkizunekoa, ekonomia indartsu batean oinarritzen da. Ezinbestekoa da ekonomia dinamiko bat, industria sendo bat oinarri-oinarrian duena, kalitatezko enplegua sortzeko eta gizarte kohesioa bermatzeko. Horrela bakarrik beteko dugu lurralde bezala gure buruari jarri diogun helburua: Europan gizarte desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat izatea.

Garai erabakigarriak bizi ditugu, ziurgabetasunez beteak. Gure enpresak aldaketa teknologiko sakonak eta gero eta azkarragoak bizitzen ari dira. Eraldaketa digitala eta trantsizio energetikoa, esate baterako. Transformazio horietara egokitzea ezinbestekoa izango da gure industriaren eta, oro har, ekonomiaren sendotasunari eusteko. Baita ezaugarri dugun gizarte oreka mantentzeko ere.

Lurraldeko erakundeak, enpresak eta ekonomiako nahiz gizarteko eragileak apustu sendoak egiten ari gara azken hilabete hauetan, eraldatze horiei aurre egin eta etorkizuna prestatzeko. Zibersegurtasuna eta fabrikazio aurreratua, teknologia kuantikoak, mugikortasun berria, ekonomia zirkularra, zahartzaro osasuntsua eta zilarrezko ekonomia, biozientziak eta terapia aurreratuak… etorkizuneko ekonomia eta lanpostuak ehunduko dituzten sektoreak dira. Horietan guztietan, besteak beste, proiektu aitzindariak ari gara bultzatzen Gipuzkoan, dagoeneko gurean dauzkagun gaitasunak eta ezagutza, berrikuntza sare aurreratua eta punta-puntako enpresak oinarri hartuta.

Etorkizuneko desafioetara egokitu eta aukerak probesteko, baina, pertsonak dira –eta hala izango dira gerora ere– gakoa.

Oso onak gara ekoizpenari dagokionez, berrinbertsio kultura oso sendoa dugu, baina askoz gehiago kostatzen zaigu ukiezinetan eta pertsonetan inbertitzea. Esku artean ditugun eraldaketak teknologia eta makineria ezartzetik haratago doaz; hori dagoeneko egiten dugu, eta ondo. Egungo eta etorkizuneko eraldaketek, ordea, eragin sakona izango dute enpresen eta erakundeen kulturan, antolakuntzan eta kudeaketa ereduetan ere.

Horren guztiaren ondorioz, gizarte aurreratu gisa egungo eta geroko desafioei aurre egin nahi badiegu, beharrezko izango dugu etenik gabe eraldatze sakonei aurre egingo dien talentua sortzea eta pertsonak etorkizunerako prestatzea. Hobe esanda, pertsonak bizitza osoan zehar prestatzea.

Abiapuntu sendoa dugu. Gipuzkoak ezagutza aurreratua sortzeko eta zabaltzeko sare zabala daukat. Punta-puntako berrikuntza eta ikerkuntza zentroez gain, bost unibertsitate ditugu eta, baita ere, Europa mailan erreferentzia den Lanbide Heziketa. Indar hori guztia probestu behar dugu, lurralde gisa talentuaren eta pertsonen aldeko apustu sendoak egiteko.

Horretarako, gainera, enpresek eta erakundeok, oro har, gure baitan etenik gabeko formazioa eta pertsonen aldeko apustu irmoa egin behar dugu. Horrekin batera, gure lan kulturan ere eraldatze bat sustatu behar dugu, ibilbide profesional ororen garapenean formazioa bizitza osoko desafioa bihurtu dadin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteotan ahalegin nabarmena egin du lurraldean giza kapitala sustatzeko eta aktibo hori guztia ekonomia ehunarekin konektatzeko. Lerro hauen bitartez ahalegin horri eusteko konpromiso irmoa erakutsi nahiko nuke, gainontzeko erakunde eta eragileekin elkarlanean jarraituz, beti ere.

Guztiok elkarlanean desafioari ekiten badiogu, ziur nago lortuko dugula ekonomia oraindik eta lehiakorrago bat, etorkizuneko sektoreen abangoardian kokatuko dena. Eta, batez ere, ziur nago lortuko dugula Gipuzkoan lanpostuak sortzen jarraitzea, pertsona guztiei lana eta etorkizuna eskaintzea.